GU

SIRIMIRI FILMS Estibaliz Urresolak gidatutako egitasmo bat da.

Arloan hamarkada pasatxo jardun ondoren, laburretik luzemetraiera genero anitzak jorratuz, Urresolak begiradan oinarrituriko ikaskizun eta eraldatze prozesu gisa ulertzen du ikusentzunezkoa: Autorearen begirada, filmatzen dituenekiko bai eta ikuslearen begiradarekiko ere elkar-so jolasean. Zinema josten gaituzten begikaldi, begirune eta begikeren gurutzaketa da, eta mira egiteko leiho irekia.

 

Kontatzea, irudiztatzea, eta partekatzea; hoiexek SIRIMIRI FILMS bultzatzen duten indarrak. Horregatik, geure proiektu propioak garatzeaz gain beste hainbat erakunderekin lan egiten dugu beren bideoak izaera pertsonal eta zinematografikoago batetik sortuz.

 

Gainera, PIXELATU egitasmoaren bitartez, pedagogiaren aldeko apostua egiten dugu . Izan ere, ikusentzunezko alfabetizazioa ezinbestekotzat ulertzen dugu eta horretarako, irudi eta soinuen sorkuntzan ahalduntzeko ikastaro ezberdinak gidatzen ditugu, zeinen bidez irudiaren eta honen eraikuntzaren inguruko hausnarketa-guneak eratu eta kolektibo anitzekiko elkarrizketa sustatzen dugun.

TALDE-LANA

Bere ibilbidean burutu dituen proiektuak gauzatzerakoan, Estibaliz Urresola lankide-sare oparo bat josten joan da, eta honek etorkizunean ere ekoizpen-fase guztiak bermez oso-betetzeko gaitasuna ematen dio.

ESTIBALIZ URRESOLA

Ikus-entzunezko Komunikazioan lizentziaduna (EHU), Edizioa eta Muntaiaren Teoria (EICTV Cuba), Zine Zuzendaritzan Masterra (ESCAC) eta Film Business-marketing, distribuzioa eta nazioarteko salmentak (ESCAC).

 

Urresolak IBAIA Ikus-entzunezko Ekoiztetxeen Elkartean hasiko du bere ibilbidea, bertatik hainbat ekitaldi antolatu zituelarik, besteak beste Lau Haizetara Koprodukzio Bilgunea eta Euskal Zinemaren Eguna, Donostiako Zinemaldiarekin elkarlanean. Elkartean aritu ostean, hiru urte igaro zituen BAINET ekoiztetxearentzat postprodukzio sailaren koordinatzaile gisa.

 

Lehen aro hau eta gero, bere bidea hasten du zuzendari independiente bezala hainbat lan idatzi eta zuzenduz. Aipagarriak dira VOCES DE PAPEL-Un ensayo sobre el movimiento, Donostiako Zinemaldiaren 64. edizioan estreinatua (Zinemira) eta Dokumental Onenarentzako Urrezko Txapelaren irabazlea Bartzelonako Zinemaldia.cat jaialdian; edo ADRI, bere lehenengo fikziozko laburmetraia, ESCAC FILMS-ek ekoiztua  eta Kataluniako Zine Akademiaren Gaudí sarietarako aurre-sailkatua, zeinarekin, gainera, hainbat nazio eta nazioarteko sari irabazi zituen FREAK agentziak banatua.

 

Aipatzekoak dira, orobat, NOR-NORI-NORK laburmetrai dokumentala (Alcances 2018, Lekeitio Zine Bilera; emisio eskubideak ETB-k eskuratuak), eta IZUR laburmetraia, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Gogora Institutuaren laguntzarekin burutua (estreinatzeke).

 

Egun, bere hurrengo POLVO SOMOS laburmetraiaren ekoizpena prestatzeaz gain, 20.000 ESPECIES DE ABEJAS bere lehen fikziozko luzemetraia izango den proiektuan lanean dihardu, zeinak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren 2018ko gidoi idazketarako laguntzetako bat jaso zuen, eta ZINEUSKADIk bultzaturiko NOKA Mentoring 2019rako aukeraturiko hiru proiektuetako bat izan den.